2017(e)ko otsailaren 5(a), igandea

BIZIPENEN NARRATIBA

BIZIPENEN NARRATIBA


Ezkerretara azaltzen den neska honek Iturengo eskola publikoan egin zuen lehen hezkuntza. Ituren herri ttiki bat da, 500 bat biztanle ingurukoa.
Eskola landa eremuan kokatzen da. Herri bezain ttikia da beraz.
Ttikitasun horrek egiten du ordea handi.





NIRE TXOKOA




Astelehenetan garbi garbi eramaten nuen eskolara, Ostiraletan berriz, aste osoko lanaren adierazgarri, zikin samarrik bizkarzorroan sartzen nuen. Ederki gogoratzen dut zein pozik egiten nuen hori. Izan ere, asteburua zetorrela esan nahi zuen.
Koloreen artean bereizketak argiak izaten ziren, hala ere beti bazen arros-urdin binomio hausteko prest. Eskerrak.




Egunak zenbatzen egoten nintzen irteera bat eginen genuela esaten ziguten bakoitzean. Eguna iristear zela bizkarzorroa prestatzeak zuen urduritasun puntu hori gogoko nuen. Noren ondoan lo eginen ote nuen, zer janen ote genuen, zer ikusi eta ikasiko genuen.
Eskola garaitik oroitzapen politenak egiten genituen irteerek utzirikoak dira.

-




Eraikin honetan igarotako denborak eragin handia du gaur egun naizen honetan. Denbora "librea" kanpoan ematen genuen, arkupe horietan eta herriko plazan. Tarte horietan irakasleak hortik ibiltzen ziren arren, gure artean moldatu behar izaten ginen. Gure artean moldatu behar horrek, asko irakatsi zidan, etengabeko hartu-eman eta negoziaketa izaten zen.





Koloreekin esperimentatzea asko gustatzen zitzaidan. Bata bestearekin nahastea eta kolore berriak nola sortzen ziren ikustea, pintzela uretan garbitzea eta urak hartzen zituen kolore berriak ikustea. Paperak ur guzi hura nola xurgatzen zuen. Gero ordea, bi marren artean marraztearen arauarein topo egin nuen. Gauza jakin batzuk kolore jakin batekin margotzeko "behar" horrekin. 

_






Eskolako oporrak hartzen genituen aldiro, gure amak abesti bat abesten zigun. Honela zioen abestia "arriba las vacaciones, abajo el estudiar, los libros a la basura y nosotr@s a jugar. " Gure etxea oporrak beraz ospakizun handia izaten ziren. Aita irakaslea delako izanen da agian. Nork daki... Baian oporrak hartzea eta oporretan joatea gertaera garrantzitsu bat zen eta da gure etxean.




Jangelan gelditzen biziki gustatzen zitzaidan. Nik eta nire anaia-arreabak beti jaten genuen etxean. Beraz guretzat jangelan jatea oso berezia izaten zen. Ez ginen eskolatik "atera" behar izaten. Jangelan egunero gelditzen zirenek ez zuten gure poza ulertzen.

_






Txiki txikiak ginenetik aitak paper erraldoiak ematen zizkigun marrazteko. Gero gure marrazkiak etxeko paretetan zintzilik izaten genituen. Idaztea ere asko gustaten zitzaidan ttikitan. Behin herrian antolatu zen ipuin lehiaktea bat irabazi nuen, a ze poza jaso nuen sariarekin batera.





Migel izeneko irakasle batek eguraldi ona zela ikustean, maiz mendi aldera joaten ginen bueltaxka bat ematera. Ikaragarri gustuko nuen. Eguzkia ikusten genuen orduko, pentsatzen hasten ginen Migelek zein asmo izanen ote zuen, ez baitzen beti bueltaxkarik egoten. Eskolara itzultzean, bakoitzak idazlan bat egin behar izaten genuen, norberak bizitakoaren araberako idazlana.

_






 Eskolatik irten eta gutxitan ikusten genituen lehengusu-lehengusinak etxean zirela jakiteak poz handia ematen zigun. Egun horietan eskolako lagunak ez genituen inondik inora ikusten. lanpetuegiak egoten baikinen. Sorpresa handi bezain atsegina izaten zen. Gainera, egun horietan gurasoak eta osaba-izebak, gure gisara, lanpetuak egoten ziren bata bestea eguneratzen. Guk orduan aukera paregabea izaten genuen gure kasa ibiltzeko.





Txikitan gainerakoen buruak orrazten aritzen nintzen. Ikastetxean esaterako, burua "garbitzeko" balio zuen harraska antzeko bat genuen. Bertan Maite izena zuen irakasle bat orrazten aritzen nintzen. Burutan dut nola ahalik eta leunen egiten saiatzen nintzen. Orrazten nituen gainerako pertsonen artean bere burua zen orrazten bereziena. Nire eskuen lan finarekin irakaslearen mirespena bilatzen ote nuen galdetzen diot nire buruari.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

... ETA BLOG HAU ?

ZER DA BLOG HAU? ZER LANDUKO DA BERTAN?